PEANUTS | lehenengo eta azkenengo astea

igandea, otsaila 07, 2021

Orain dela 21 urte, 2000 urteko otsailaren 13an argitaratu zen Charlie Brown eta bere lagunen azkenengo komiki tira. Ospatzeko PEANUTSen lehenengo esta azkenengo asteak euskaratu eta gure FROZEEN orrian partekatu ditugu.

Charles Monroe “Sparky” Schulz (1922ko azaroak 22 – 2000ko Otsailak 12) komikigile amerikarra, mundu guztiko ehundaka egunkarietan argitaratu zen Peanuts izeneko eguneroko komiki tiraren egilea izateagatik da ospetsua. Charlie Brown bere txakur Snoopy eta beste hainbat ume protagonistatzat dituen komiki hau 50 urtez marrazten jardun zuen etenik gabe, bere heriotzerarte, izan ere azkenengo tira argitaratu baino egun bat lehenago hil zen Charles Schulz. Egilearen ondarea Santa Rosan (California) aurkitzen den Schulz Museoaren eskuetan dago gaur egun.

AKIRA | 3. atala

larunbata, urtarrila 16, 2021

1983ko urtarrilaren 17an argitaratu zen lehenbiziko aldiz Young Magazine aldizkari japoniarrean FROZEENera igo dugun AKIRAren 3. atala.

Behin aldizkarietan agertu eta gero, AKIRAren atalak liburu formatuan batzerako orduan Katsuhiro Otomok aldaketa dezente egiteko ohitura zuen. Batzuetan marrazkiak xehetasun gehiagoz amaitzen zituen, beste batzuetan hauek guztiz berregiten zituen, eta noiz edo noiz panel eta orrien ordenarekin ere jolasten zuen. Hori dela eta, bildumazaleentzako oso baliagarriak dira jatorrizko aldizkarietan agertutako orriak, izan ere AKIRA horrela aurkeztu den beste argitalpenik ez da existitzen.

Dr. Slump | 38. atala: Araleren erosketa

astelehena, urtarrila 04, 2021


Euskarazko animazio bertsiotik moldatu dugun Dr. Slump-en 38. atala igo dugu FROZEENera. 1980 urriaren 20an Weekly Shonen Jump astekari japoniarraren 42. zenbakian jatorriz argitaratua.

Gezurra badirudi ere, hemendik hilabete batera otsailaren 4ean, 41 urte beteko dira Akira Toriyama komikigileare japoniarraren Dr. Slump komikia lehenengo aldiz argitaratu zenetik. Dragoi Bolarekin mundu mailan ospea lortu baino lehen, istorio labur anitz idatzi eta marraztu zituen Toriyamak honezkero, baina Dr. Slump izan zen bere sorterrian izugarrizko ospea eman zion bere lehen serie luzea. 1980ko otsailaren 4tik 1984ko irailaren 10era argitaratu ziren Slump doktorea, Arale eta bere lagunen abenturak Shueisha argitaletxearen Weekly Shonen Jump astekarian.

Dr. Slump-en atalak hainbat ediziotan batu dira ordutik gaur arte; Japonian argitaratutako lehenengoa Tankōbon (単行本) deritzen 200 orri inguruko 18 liburuko bilduma da. Edizio berrienak ordea, kanzenban (完全版) deritzonak, komiki guztiak 15 liburutan batzen ditu eta jatorriz koloretan argitaratutako orriak berreskuratzeaz aparte, formatu mardulago eta handiagoan eta gainazal diseinu eta ilustrazio berriak aurkezten ditu.

Japonian ohikoa da komikiek arrakasta handia dutenean, animazio formatura moldatu eta marrazki bizidun hauek telebistan igorritzea. Arale-ren abenturak Toei Animation estudioen eskutik eraman ziren pantaila txikira eta Euskal Herrian sorteko izan ginen, izan ere, atala guztiak ez baina berrogeita hamar bat euskaraz ikusteko aukera izan genuen 90eko hamarkadaren hasieran ETBren eskutik. Pena bat da baina Dragoi Bolarekin gertatu ez denez bezala, Slump doktorearen abenturak ez dira ordutik berriz igorri telebistan eta gaur egun DVD formatuan gazteleraz eta katalanez eskuragarri dauden arren, euskarazko bikoizketa, maiz gertatzen den bezala, kanpoan geratu da.

AKIRA | 2. atala

igandea, urtarrila 03, 2021

1982ko urtarrilaren 3an Kodansha argitaletxe erraldoiaren Young Magazine astekarian argitaratu zen FROZEENera igo berri dugun AKIRA-ren bigarren atala 

AKIRA komikia, hamabost egunero Young Magazine aldizkarian argitaratzen ziren hogei bat orriko ataletan iritsi zen irakurle Japoniarrengana lehenbiziko aldiz. Otomo erritmo horretara marrazten jardun zuen bizpahiru laguntzailerekin zortzi bat urtez, 1982ko abendutik 1990eko ekainerarte. Urte guzti horietan etenaldi bakarra jasan zuen AKIRAren serializazioak; 1987ko apiriletik 1988ko urrira. Izan ere, komikia alde batera utzi behar izan zuen Otomok, berak zuzenduriko AKIRAren animaziozko filmean buru-belarri jarduteko. Filmak izugarriko arrakasta izan zuen mundu guztian eta ez bakarrik AKIRA baina beste komiki eta animazio filma eta serie Japoniarrei mundura zabaltzeko bidea ireki zien.
Mezu zaharragoak Mezu berriagoak Orri nagusia