Dragoi Bola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Dragoi Bola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

Dragoi Bola | 5. atala: Ulon-en agerrera

astelehena, abendua 21, 2020

 


1984ko abenduaren 21ean argitaratu zen Weekly Shonen Jump astekari japoniarraren 1985 urteko 4/5 zenbakian (I-8),  FROZEENera igo dugun Dragoi Bolaren 5. atala.

Honako atal honen presentazio azala Toriyamak 2004 urtean berregindako marrazki bat da. Jatorrizko ilustrazioan Bulmak zigarro bat zeraman ahoan eta hori izan daiteke arrazoia. Honetaz aparte, asteroko serializaziotik liburu bildumetara pasatzean Dragoi Bolak jasandako aldaketa nabarmenetako bat, 2004 urteko kanzenban edizioan aurkezten den azkenengo atalaren amaiera guztiz berria da.

Dragoi Bola | 4. atala: Iratxo Dortokaren Kinton lainoa

ostirala, abendua 11, 2020


Orain dela 36 urte, 1984ko abenduaren 11an kaleratutako Weekly Shonen Jump astekariaren 1985 urteko 3. zenbakian (I-8)  argitaratu zen FROZEENera igo dugun Dragoi Bolaren 4. atala.

Astero Dragoi Bolaren hamabost orri marraztu zituen Akira Toriyamak hamar urte luzeen buruan, gehienak zuri beltzean. Ala ere, noizean behin Son Gokuren abenturak Shonen Jumpeko lehenengo orrietan argitaratzen zirenean, koloreztatuta argitaratzen ziren. Tamalez, Koloreztatutako orri hauek, gerora berriz zuri beltzean batzen ziren Tankōbon (単行本) liburu bilduman eta urteak iragan ahala, jatorriko astekaria gorde, edo bertatik moztutako orriak batzen zituzten bildumazaleek bakarrik zuten hauek behin eta berriz ikusteko aukera. 

Dragoi Bolaren ospea hain izan da handia ordea, ezen urteen buruan edizio berriak agertu diren. 2004 urtean adibidez kanzenban (完全版) deritzon edizioa argitaratu zen Japonian eta lehen 42 liburutan batzen zen istorioa orain 34 aletan batuta aurkeztu zen. Tankōbon bildumaren aldean handiagoak eta kalitate hobeko liburu hauek jatorrizko koloreztatuta orriak berreskuratu zituzten eta gainera Akira Toriyamak okasiorako gainazal berriak marraztu zituen.

Dragoi Bola | 3. atala: Goku itsasorantz korrika!

ostirala, abendua 04, 2020

 


1985 urteko Weekly Shonen Jump astekari japoniarraren lehenengo alean, 1+2 zenbakidunean, argitaratu zen FROZEEN-en euskaraz irakurgai jarri dugun Dragoi Bolaren 3. atala. Ohi den bezala aldizkariaren ale hau aste batzuk lehenago kaleratu zen; 1984ko abenduaren 4ean.

Dragoi Bola, Japonian ohi den bezala, beste hainbat serierekin batera, mutil gazteei zuzenduriko Weekly Shonen Jump astekari mardulean argitaratu zen lehenbiziko aldiz. Paper merkean inprimatutako eta behin irakurritakoan zakarretan amaitzen duten aldizkari hauek, irakurleei istorioak era azkar eta ekonomikoan aurkezteko modu ezin hobea izan dira internetaren bat-batekotasunak mundua astindu duenerarte. Aldizkarietan ospea lortzen duten lanak, poltsiko tamainako, Tankōbon (単行本) deritzen liburuxkatan batuta argitaratzen dituzte gerora eta liburu hauek dira jarraitzaile leialenek etxean gordetzen dituzten aleak.

Dragoi Bolaren kasuan 42 dira serie osoa osatzen duten 519 atalak batzen dituzten liburuak eta 36 urte eta gero, oraindik inprimatzen jarratzen dituzte eta liburu-dendetan eskuragarri daude.

Dragoi Bola | 2. atala: Bolarik ez!

ostirala, azaroa 27, 2020

 
Gaur orain dela 36 urte, 1984ko azaroaren 27an argitaratu zen Weekly Shonen Jump Komiki astekari japoniarraren urteko azkenengo 52. zenbakian (XII-10/17), FROZEEN-en irakurgai jarri dugun Dragoi Bolaren bigarren atala. 

Datozen asteetan honezkero euskaratuta dauzkagun Dragoi Bola-ren atal pare bat gehiago partekatuko ditugu, izan ere gure txikitako komikirik preziatuenetako bat da. Abenduan zehar lehendik euskaratuta ditugun komiki bat edo beste astero partekatzen jarraituko dugu eta hurrengo urtetik aurrera, hilabeteko lehenengo ostegunean, gure komikigile gogokoenen lan bat behinik behin euskaratu eta Frozeen-en argitaratzea da gure asmoa. Harpidetu e-mail bidez webgune honetara edo segi gaitzazu Facebook eta Instagram-en euskaratzen ditugun komikien berri izateko.

Dragoi Bola | 1. atala: Bulma eta Goku

ostirala, azaroa 20, 2020


Gaurko egunean orain dela 36 urte, Shueisha argitaletxe japoniarraren Weekly Shonen Jump astekariaren 1984 urteko 51. zenbakian (XII-3) Akira Toriyama-ren DRAGOI BOLA komikia argitaratzen hasi zen. Aldizkariaren azalean agertzen den eguna abenduaren hirua bada ere, benetako kaleratze eguna azaroaren 20a izan zen, astekaria salmentan jarri zen eguna hain zuen ere.

Dragon Ball (ドラゴンボール), euskaraz Dragoi Bola, Akira Toriyama-ren komiki lan luzeena eta ospe handikoena da gaurdaino. 520 atal eta 7800 orrialderen ostean, 1995eko maiatzaren 23an iritsi zen bere amaiera. Ordurako mundu guztian ezagunak ziren bai Dragoi Bola, bai Dragoi Bola Z marrazki bizidunen telesaila, animazio filmak, bideo-jokoak eta Son Goku eta bere lagunen abenturetan oinarritutako era guztietako beste milaka produktu.

Dragoi Bola astero argitaratzen zioan bitartean, guztira 42 liburuz osaturiko kolekzio bezala ere kaleratu zen 1984tik 1995era . Geroago, 2002urtean, Kanzenban deritzon 34 liburuz osaturiko kolekzio berezian berriz argitaratu zuten. Azken edizio honetan, astekarian agertutako jatorrizko orrialde koloreztatuak berreskuratuz eta Toriyamak berak marraztutako amaiera alternatibo batekin. 2013az geroztik digitalki koloreztatuta argitaratu dute Dragoi Bola bai Japonian, baita beste hainbat herrialdeetan.

Munduan zehar, formatu eta hizkuntza askotan argitaratu da Dragoi Bola; Espainian gazteleraz eta Katalunian katalanez esaterako. Euskal Herrian ordea ez da inoiz Dragoi Bolaren komikirik euskaraz argitaratu, bai ordea 90eko hamarkadan Euskal Telebistan igorritako Dragoi Bola marrazki bizidunen telesaila. Hau, oso-osorik bikoiztu zen euskarara eta bikoizketa horretan izan ere daude oinarrituta FROZEEN-en aurkezten ditugun komikiaren atalak.
Mezu zaharragoak Orri nagusia